Arantza-Mendaur-Makillipurdi-Sorano-Illurdi-Arantza
6-7h inguruko mendi buelta luzea, 21 km-koa, gogorra baina aldi berean paisaia ikusgarriekin. Ibilbidea partzialki bakarrik dago markatua. Herri sarrerako aparkalekutik abiatuz (272 m) lehen 6 km-ak Bustitzko lepotik pasatzen den GR-a edo PR-a segituz burutuko ditugu, desnibel haundia pilatuz Bustitzera iritsi arte (935m). Bertatik Mendaurko (1.136 m) kaskora igoko gara, km bateko igoera gogorra gaindituz. Handik, berriz Bustitzera jautsi eta Ituren aldera segituko dugu maldan behera, Mendaurko urtegira iritsi arte (720 m). Bertan, Ekaitza aldera doan pista hartuko dugu, hainbat kilometroz pixkanaka altuera hartuz. Pista alde batera utzi eta oihanean sartuko gara gero, Makillipurdiko kaskoaren oinera iritsiz (835 m). Handik, Makillipurdiko kaskoa bertatik bertara ikusiko dugu, baina igoera kontuz egin behar da, gehienbat eguraldi hezearekin, hainbat puntutan eskuez baliatu beharo dugularik.
Makillipurdiko kaskoan (895 m) Orzorrotzeko gazteluaren hondarrak ikusiko ditugu. Gaztelu hau Nafarroako erresumako gotorlekuetako bat izan zen. Aurkitu diren aipamenik zaharrenak 1214 urtekoak dira, eta 1512 urtea arte bertan 10-15 soldaduko taldea egoten omen zen zainketa lanak egiten. Urte horretan, gaztelarrek Nafarroa konkistatu eta gaztelu hau ere hartu zuten. 1521 urtean nafarrak berriz altxatu ziren independentzia berreskuratzeko asmoz (Amaiur eta Orzorrotzeko gazteluak hartu zituzten bertzeak bertze). Halere hilabete batzuen ondotik gaztelarrek berriz kontrola hartu zuten eta 1523an gaztelua erre eta suntsitu zuten. Orduz geroztik lur azpian egon da, 2016an berriz bere hondarrak azaleratu zituzten arte.
Handik, berriz maldan gora joan eta Soranoko lepora iritsiko gara (935 m), eta handik gainez gain joanez, Illurdiko kaskora iritsiko gara (1.072 m). Bertan maldan behera abiatuko gara, 5.5 km-ko jaitsieraren ondotik Arantzara iritsiz.
Zirkularra
6:30
20,72 km.
Zaila
1.324 m.